Sormene, sorkuntzen Galdakaoko plaza

Kulturaren sormen arloko egitasmo berritzaileen plaza izateko borondatea dauka Sormenek, Galdakotik Euskal Herri osoarentzat. Euskarazko kultur adierazpideak aintzat hartuko ditu: literatura, musika, bertsolaritza, antzerkia, ikus-entzunezkoak, dantza, arte plastikoak…

Bost helburu nagusi hauek ditu:
· Sormene plazara gonbidatzea Euskal Herriko kultur proiektu aurrerazaleak.
· Euskarazko kulturara erakartzea herrialde guztietako euskaldunak.
· Kulturaren zaleak sortzea eta sustatzea.
· Sortzaileak izango diren zaleak adoretzea eta trebatzea.
· Euskal kulturaren transmisioa bermatuko duen espazioa prestatzea.

Sormene proiektuaren bereizgarria izango da, emakumezko sortzaile euskaldunen lanak nabarmentzea, gaur egun dagoen hutsunea betetzen laguntzea. Galdakaoko kultur eragileen elkarlana sustatuko da Sormene plazan. Herritarren kezketara eta eskarietara ondo egokituko dira sorkuntzazko jarduerak. Euskararen inguruan Galdakaorako proiektu berritzailea eta erakargarria sortzea dugu helburu, eredugarria izan dadin denentzat.

Sormene, sorkuntzen Galdakaoko plaza